
Urnietako plazan Euskaraldiarekin bat egin du Salestarrak Magale ikastetxeak
Arratsaldeko 16:00etan hasi dute Euskaraldiaren baitan haur, gazte eta familientzat antolatutako festa. Bertaratutakoek “oso ondo” pasa dutela azpimarratu dute.
Euskal Cluedok eman dio hasiera festari. San Juan plazako hainbat puntutan banatuta egon dira antolatzaileak Euskaraldia osatzen duten hizki bana eutsita. Hizki horietako bakoitzak “enigma sekretua” zein den jakiten lagundu duen pista bat ezkutatzen zuen eta beraz, parte hartzaileek 11 pista zuzen osatu behar izan dituzte.
Ondoren, “magiaren tunela” ireki dute eta bertan sorpresak izan dituzte; izan ere, segundu gutxi batzuk utzi zaizkie bertaratutakoei begiak tapatu eta bi kaxatan arakatzeko goxoki edo sorpresa txikien bila.
Bitartean txapak eta pultserak egiteko tailerra ere martxan egon da txikienentzat eta hainbat izan dira bertaratu direnak.
Festari amaiera emateko txokolatea banatu die San Juan plazara gerturatu direnei. Salestarrak Magale ikastetxeak antolatu duen ekitaldiarekin “oso pozik” geratu dira antolatzaileak. “Euskaraldiarekin bat egitea eta herriari ekarpen bat egitea izan da gure helburua” azaldu dute eta “oso gustura gelditu gara egindako lanarekin eta emandako erantzunarekin”.
Ekintza hau Urnietan Euskaraldia dela eta antolatutako hainbat ekintzen baitan sartzen da.

