SIEMENSekin Hitzarmena | Salestarrak Magale Urnieta

SIEMENSekin Hitzarmena

Berriak

Urnietako Salesiarren eskola automatizazioaren alorrean azken urteetan egiten ari den lana bere fruituak ematen ari da. Izan ere, Siemens enpresak “Irakaskuntzarako Bazkide” izendatu du berriki Urnietako ikastetxea, estatuko beste ikastetxe Salesiarrekin egin duen modu beretsuan. Horrela, “Siemens Automation Cooperates with Education” delako ikurra erabili ahal izango du eskolak, bere jardueraren berri ematerako orduan.

Salesiarren eskolak eta Siemens enpresak apustu garbia egin dute oraingo honetan, hitzarmen garrantzitsu batean gauzatu dena. Hain zuzen, erakunde biak euren arteko harremanak sakontzearen garrantziaz jabetu eta ekimen hau martxan jarri dute, etorkizuneko profesionalen hezkuntza hobetzea izanik helburu, betiere gizarteari zerbitzu hobeak emateko xedea bistatik galdu gabe. Teknologia berrienen gaineko ezagutza partekatzea dakar ondorio bezala hitzarmenak, enpresa, instituzio eta ikastetxeetan aplikatuko den teknologia berriena, hain juxtu. Urnietako Salesiarren eskolari dagokionez, “Basic Factory Automation” eta “Advanced Factory Automation” teknologien erabilera homologatu da, teknologia horien gaineko heziketa eta praktika aurrera eramateko gai bilakatuz, modu horretan, Lanbide Heziketako hainbat ziklo eskaintzen dituen ikastetxea.

Salesiarren eskolako ordezkariak “pozik eta itxaropentsu” ageri dira berriki gauzatu den hitzarmen garrantzitsuaren inguruan. Euren hitzetan, “Siemens enpresa erreferentzia da mundu mailan automatizazioaren alorrean eta guk geuk ere urteak daramatzagu teknologia horiekin lanean. Hitzarmen hau sinatu izana garrantzitsua da oso guretzat, elkarlan horren bidez bide berriak jorratzeko aukera izango dugulako, Siemens etxearekin lankidetza estuago bat izateko aukera izateaz gain, noski”.