Mirandaolara bisita
DBH2ko
ikasleak bertatik bertara ikusten izan dira Mirandaolan Gure arbasoek metalaren
sekretuak nola ikasi eta lantzen zituzten. Legazpin kokatutako burdinola zahar
honek euskal Historiaurrearen parte garrantzitsua kontatzen digu, hain zuzen
ere. Hura ikusi, ikasi eta barneratzea da bidaiaren xedea, ondoren taldeka
bideo bana egin dezaten klasean.
Izan ere, Historiaurrea
aitzaki hartuta, gainerako irakasgaiak ere landu dituzte. “Metal Aroa jorratu
nahi genuen zehazki, historiaurrearen garai garrantzitsua baita: harria lantzen
ari zirela, metala deskubritu eta nola landu ikasi zuten, brontzea eta burdina,
besteak beste. Eta irteera honetan teknologia eta historia jorratu ditugu
zuzenean”, azaldu du Asier Irazusta irakasleak.
Bideoa
egin ahal izateko, ikasleek ikasi behar izan dute beroarekin -1.300 gradu
ingurura- burdina landu egin daitekeela, kolpeen bitartez forma emateko aukera
duela, eta behin forma eman ondoren, uretan azkar hoztuta, gogortasuna
eskuratzen duela metalak. “Hori bera ikusi ahal izan dute Mirandaolan, prozesua
berbera delako, eta gaur egun ere burdina lantzen denean, oinarrian den
teknologia hori baita”, azaldu du Irazustak.
Hortaz,
Legazpin metala nola lantzen zuten zuzenean ikusita, Historiaurrean ibilbidea
egin dute DBH2. mailako ikasleek. “Bideoan ikus daitekeen bezala, eskuzko
mailuarekin aritu ordez, mailu handia erabiltzen ikasi dute metala jorratzeko, uraren
energia erabilita errota batzuen bitartez. Errotaren bitartez, auspo handi bat
mugitzea lortzen dute, eta haizea etengabe sutara botatzea, suak indarra izan
dezan eta produktibitatea asko handitzeko. Metal Arotik asko aurreratu du
gizakiak, eta produktibitatea asko areagotu, baina oinarrizko teknologia bera
da”, azpimarratu du irakasleak.
‘Erreka’ enpresan, egungo lanketa
Mirandaola
ikusi ondoren, Bergarako ‘Erreka’ enpresara jo zuten ikasleek. Izan ere, bertan
aztertu ahal izan zuten gaur egun torlojuak egiteko prozesuan metala nola
lantzen duten. “Prozesua berdina izaten jarraitzen du, baina gaur egun robotak
ditugu piezak mugitzeko, prentsak forjado lana egiteko, eta dituzten labeak
automatizatuagoa daude. Baina, azken finean, ikusi duguna da Metal Aroan eta
Erdi Aroan nola lantzen zen metala, eta gaur egun nola lantzen dugun. Era
erakargarriagoa da ikasteko, hainbat irakasgai nahastuta, bizitzan gertatzen
den bezala, bilatzen diogu zentzua ikasketa horri. Eta soilik liburuaren
bitartez ikasi ordez, gaur egungo enpresetara edo kanpora irteten gara ikastera
esperientziaren bitartez”.