MAGALE IKASTETXEA
Astearte honetan izan da aurkezpen ekitaldia, jatorrizko ikastetxeetako gurasoen eta hainbat erakundetako ordezkarien aurrean.
Presentación de Maria eta Urnietako Salestarren ikastetxeek elkarlanean egin duten lanaren fruitua da Magale. Haur Hezkuntzatik Batxilergorainoko hezkuntza eredua eskaintzeko sortu da; antolaketa integratzailearekin eta etapa guztien artean modu koordinatuan funtzionatuz. Hori guztia, orain arteko lanaren kalitatea eta esperientzia oinarri hartuta.
Eredu pedagogiko berereizgarri bat da, irakaskuntza eleanitza eta berritzailea dituena. Horiek gauzatzeko metodologia aktiboak darabiltzate, formazio integrala bultzatuz. Era berean, familiak eta ikasleak ditu ikaskuntzaren erdigunean.
Aurkezpen ekitaldian hitza hartu du Mikel Pagola Urnietako alkateak eta “pozteko eta elkar zoriontzeko egun bat” dela azpimarratu du. Era berean, herrian “ilusioz” hartzen den proiektua dela esan du.
Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendariak ere “pozarren eta ilusioz” jasotzen dela azaltzeaz gain, “duela urte batzuk Kristau Eskolan marraztu zen eskola maparen ondorioa” dela gaineratu du.
Gertutasuna, inplikazioa eta profesionaltasuna ardatz dituzten lantalde batek osatzen du Magale. Koordinatzaile lanetan Agustin Urretabizkaia ariko da. Zientzia kimikoetan doktorea, Urretabizkaiak 25 urte baino gehiagoko esperientzia dauka hezkuntzaren arloan. Azken 12 urteotan DBHn eskolak emateaz gain, Urnietako Salestarren ikastetxean zuzendari pedagogikoa izan da. Ekitaldiko hizketaldian “ohore” bat dela esan du Magaleko koordinatzailea eta bultzatzaileetako bat bat izatea. Era berean, “ilusioz beteriko erronka bat da; orain arte egindako lanaren esperientzia eta kalitatea daukago eta ziur gaude honekin jatorrizko bi proiektuen indar-guneak oraindik eta gehiago sendotuko direla” esan du.
Ibilbide profesional zabala duten ia 50 lagunek osatutako emakume eta gizonen taldea prest dago, beraz, hezkuntza arloko erronka berriei eusteko.
Ekitaldiari amaiera emateko Asier Kidam magoak pare bat truko egin ditu publikoaren parte hartzea eskatu dutenak.