Lorategian | Salestarrak Magale Urnieta
Lorategian

Lorategian

Berriak

Lorategia, inoiz baino erabiliagoa Magalen

 

Pandemiaren ondoren, Magale Ikastetxeko gune berdeak askoz gehiago erabiltzen dituzte. Izan ere, Koronabirusaren aurkako prebentzio-neurria izateaz gain, haurrak naturan aritzen dira euren gorputza eta garuna garatzen.

 

Azken bi urteotan bizitakoarekin, gune berdeak eta natura askoz gehiago baloratzen ditugu denok. Izan ere, natur inguruneek beste espazioek ez bezalako aukerak eskaintzen dizkigute, hala nola, haurrei ematen die aukera naturako materiala eta errealitatea ezagutzeko. Gainera, ume bakoitzak bere erritmora egiten du.

 

Hori dela-eta, Pandemia hasi zenetik, Haur Eskolak Magaleko lorategia osua erabiltzen dute. “Gaixotasunaren aurkako prebentzio neurria dugu, baina baita beste zenbait gauza ere: aukera ederra da txikiek oinutsik ibiltzeko, hondarrarekin jolasteko, naturan arnasteko, ura edateko eta D vitamina jasotzeko, besteak beste”, adierazi du Nekane Kortaxarena koordinatzaile nagusiak.

 

Izan ere, haurrak naturan  ibiltzea  gorputzarentzat eta adimenarentzat oso onuragarria da. “Naturaren inguruko esperientziak zuzenean lotuta daude garunaren garapenarekin. Gainera, ikasketa horiek plazerrarekin loturik daudenez, umeek betirako ikasten dituzten jakintzak baitira”, azpimarratu du.

 

Hala, espazio zabal horrek esplorazio aukera handia ematen du, eta honek jolastera bultzatu. “Hau guztia ahalbidetzeko, haurrei tailerrak eta jarduerak prestatzen dizkiegu, eta beti norberak erabakiko du parte hartu nahi duen edo ez. Espazio ireki honetan haurrek sentitzen duten askatasuna oso handia da gela itxi batekin alderatuta. Lorategia ikasgune eta jolasgune eder bilakatu dugu”.