Irakasleentzako etengabeko formakuntza
Egungo gizarteak ondo prestaturiko ikasle eta langileak eskatzen ditu. Arlo eta ikasgai desberdinetako edukien jabe izateaz gain metodologia berrien eta egungo Hezkuntza Curriculumak eskatzen dituen gaitasunen jabe izateko beharra dute ikasleek; gure etorkizuneko gizartea kudeatuko duten pertsonak, alegia. Horretarako ezinbestekoa da beren ikasketa prozesua egoki eta kalitatez bideratuko duen ongi prestaturiko irakaslegoa izatea.
Honela, euren jakin-min eta ekimen pertsonalaren ondorioz, Urnietako SALESTAR Ikastetxeko irakaslegoak etengabe egiten ditu formakuntza ikastaroak, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua etengabe hobetzeko asmoz. Aurtengoan ikastaro ugari egin dituzte momentuz; adibidez, Bartzelonan neurozientziaren arloa landuz edota optometria eta arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduari buruzkoak eskolan bertan.
Irakasleek ikasturtean zehar beste hainbat formakuntza saio egitea ere aurreikusten dute, beti ere kalitatezko hezkuntza bat eskaintzako eta etengabe sortzen diren gizarteko beharretara egokitu eta formatzeko helburuarekin.