Ingelesa lantzen Ameriketako ikasleekin | Salestarrak Magale Urnieta

Ingelesa lantzen Ameriketako ikasleekin

Berriak

2019an hasi ziren harremana izaten Urnietako Salestarrak Ameriketako Estatu Batuetako ‘North Harford High School’ eskolarekin. Gutunak bidaltzeaz gain, bideoak elkarri bidali dizkiote. Baita abesti-txapelketa egin ere.

Batxilergoko
lehen mailako ikasleak oso pozik dira ‘Pen Pal’ izeneko ekimean parte hartzen
ari direlako Salestarretan.
Zer den ‘Pen Pal’ formatua? ‘Karta bidezko laguna’ esan nahi du
ingelesez, hain zuzen ere. Hala, 2019an hasitako esperientziak izandako
arrakasta ikusirik, gutun elkartrukaketarekin jarraitzen dute eskolan.

Oihane Tolosa ingeleseko irakasleak dioenez, “Ameriketako
Estatu Batuetako irakasle batekin harremanetan jarri ginen. Gutun bitartez
hango ikasleak hemengo ikasleekin harremantzea zen helburua. Gu ingelesa
ikasten ari garenez, eta hangoak gaztelera, hizkuntza-trukaketa bat egitea
proposatu genion bertako irakasleari”.

Ameriketako Maryland estatuko Pylesville herriko ‘North Harford
High School’ izena du
eskolak, hain zuzen ere. “Oso interesgarria da. Hasteko, hemendik at dauden
ikasleekin harremanetan daudelako”, dio Arantzazu Miner irakasleak.

Lehen mugimendua
eurek egin zuten: 2019an aurreneko gutunak bidali zituzten Urnietara kaxa
batean sarturik. Baita zenbait objektu ere. Besteak beste, jokoak, bertako
dekorazio tipikoak, aldizkari bat…
Salestarretako ikasleek, ordea, ingelesezko gutunez erantzun
zieten; hemengo jaki tipiko batzuk eta poema batzuk ere bai. Bueltan jaso
zutena: euren institutuaren inguruko ingelesezko bideoak, guk entzumena ere
lantzeko. “Harremana areagotzen ari zen, eta guk bideoak bidali behar
genizkien, baina konfinamentua etorri eta ezin izan genien bidali. Hor eten zen
harremana tamalez, baina berriz berreskuratu dugu, pandemia igarota”, dio
Tolosak.

2020. urtean harremana berreskuratu zuten eta harrezgeroztik
ekimenarekin jarraitu dute: “Azkenean, egiten duguna da hezkuntzaren irakaskuntza
gelako dimentsio horretatik atera, eta nolabaiteko errealitatera zabaldu”, dio
Tolosak.

‘Pen Pal’. Ohiko formatua ingelesa lantzeko

Oso formula ezaguna da irakaskuntza munduan. Izan ere,
primerako proposamena da hizkuntzak ikasteko, gure kasuan, ingelesa. Gutun
bitartez egiten den hizkuntza-trukaketa hau ikasleek gustura asko jasotzen
dute. “Aurten 33 ikasle ditugu batxilerreko lehen mailako klasean, eta eurak
ere 33 dira; beraz, oso ondo enkajatzen dute. Beraz, polita izango da oso”,
azpimarratu du Tolosak.

Horren dute gustuko formatua, ezen lehengo urtean parte
hartu zuten ikasleek Ameriketakoekin harremanetan jarraitzen duten. Hau da,
batzuk harremana izaten segitzen dute Instagram bidez: tarteka argazkiak eta
mezuak bidaltzen dizkiote elkarri. “Aurtengo ikasleak, adibidez, oso
emozionatuta daude. Kaxaren bat bidali nahi diete edo zerbait. Proiektua gustuz
hartu dute, natibo batzuekin harremantzen baitira, eta horrek asko motibatzen
ditu idazterako unean. Alegia, ondo egiten saiatzen dira, kanpora baitoaz
gutunak”.

Hori gutxi balitz, ikasle bakoitzak bere pertsona du,
bikoteka jartzen ditugulako, “eta aurtengoak, esaterako, urduri daude ea nor
egokituko zaien”, dio irakasleak. Hortaz, ingelesa lantzeko modu original bat
izateaz gain, giza harremanak ere jorratzen dituzte. Eta hori Magale
Ikastxearen filosofiaren bat dator erabat. Oso ekimen polita da zentzu
guztietan, eta joango gara guztiaz informazio gehiago ematen.