Haritz Arruti elkarrizketa | Salestarrak Magale Urnieta
Haritz Arruti

Haritz Arruti elkarrizketa

Berriak

“Esperientzia ezinhobea izaten ari da Erasmus beka hau”

Salesianos Magale Urnietako Erasmus beka propioarekin ari da Cracovian (Polonia) Diseinu Grafikoko eta Multimediako praktikak egiten Haritz Arruti.

Zer moduzkoa ari da izaten esperientzia?

Ezinhobea. Alde batetik, lagun pila bat egin ditudalako; bai Euskal Herrikoak eta baita hemendik kanpokoak ere.  Bestetik, gauza asko ikasten ari naizelako; bai enpresan baina baita arlo pertsonalean ere.

Zer ari zara ikasten?

Denetik ari naiz ikasten. Teknikoki, Diseinu Grafikoa ikasten ari naiz eta lanean ari naizen enpresan nire gaitasunak praktikan jartzeaz gain, beste batzuk hartzen ari naiz. Oso gustura nago. Pertsonalki, berriz, erronka handia izan da ezagutzen ez dudan jendearekin elkarbizitzea etxe berean.

Zein alderdi nabarmenduko zenuke?

Badaude momentu oso politak, baina baita zailak ere. Ez daukazu ez familia, ez lagunik ez orain arte ingurukoa izan duzun inor egunerokotasunean. Egia da hemen lagunak egin ditudala baina betikoen hutsunea sumatzen dut tarteka, batez ere hasieran. Nire kasuan, Poloniara etorri nintzen eta pertsonalki ez nuen inor ezagutzen. Eskolan eman zizkidaten beste ikastetxe batzuetatik ni bezala Cracoviara zihoazen beste ikasle batzuen kontaktuak, baina haiekin hegaldiak hartzeko elkarrizketa pare bat salbu ez nintzen harremandu hona iritsi arte. Asko eskertzen diet hasieratik euren planetan sartu nautelako eta niretzat hemen ezinbestekoak bihurtu dira.

Horretaz gain, Polonia Europa erdigunean dagoenez, aukera ematen du Europako beste herrialde batzuk bisitatzekoa. Beraz, gelditu gabe gabiltza astebururo.

Nori eta zergatik gomendatuko zenioke?

Lagun berriak egin nahi dituenari, esperientzia berriak gustuko dituenari edota kultura berri bat ezagutu  nahi duenari gomendatuko nioke. Izan ere, funtsean hori da Erasmus. Ausarta izan behar da halere horrelako beka batekin atzerrira joateko. Izan ere, hasieran batez ere guztia, komunikazioa bera ere, zaila egin ohi da.

Azkenik, nabarmendu nahiko nuke esperientzia ahaztezina izaten ari dela eta hau bizitzeko aukera izateagatik oso eskertua nagoela.