Gau Beltza | Salestarrak Magale Urnieta
Gau Beltza-argazkia

Gau Beltza

Berriak

Gau Beltza’ festa arrakastatsua Urnietan tradizio ikutuarekin

Salestarrek antolatutako urriaren 31ko jaia berrikuntzez beteta etorri da aurten: desfilea kaleetan zehar, dantzak, ipuin-kontaketak, beldurraren pasabidea, ‘Saria-ziria’, gaztaina-jana, txokolatea…

Urnietan historikoki ospatu izan den gaua dugu urriaren 31koa. Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi digu. Hain zuzen ere, Salestarrak Magale ikastetxeak usadio horri eutsi eta berreskuratzen jarraitu nahi izan du. Hala, urriaren 31rako jardueraz jositako egitaraua antolatu dute.

Ez da lehen aldia festa hau ospatzen dena, baina aurtengoan berrikuntza ugarirekin etorri dira. Izan ere, 18:30ean parte-hartzaileak Etxeberri plazatik kalejiran irtengo dira, eta bidean sorpresa ugari izango da; hala nola, dantzak, danbor hotsak, beldurrezko egoerak… Handik San Juan plazara joango dira, eta bertan ipuin kontaketak, suaren inguruko erritoa, beldurrezko pasabidea, gaztaina-jana, ‘saria-ziria’, txokolatada eta abar luzea izango dituzte.

“Urnietan bertan antzinatik datorkigun usadioa dela jakinik, gure ikasleak motibatzeko, gure historia ezagutarazteko ideia otu zitzaigun. Horretaz gain, herriaren parte garenez, herritarrak gurekin horrelako ekitaldi politaz gozatzeko aukera zabaldu nahi genuen”, dio Nerea Lizartza irakasleak. Izan ere, gerturatzen den orok festa aitzindari honetan parte hartzeko aukera izango du.

Lehenago, mozorro-tailerra

Hori gutxi ez, eta guztiak festan gehiago murgiltzeko, herritarrak arropa aproposak jantzita hurbiltzea animatu dituzte. Horretarako, egun batzuk lehenago, urriaren 25ean, hain justu, mozorroak prestatzeko tailerra antolatuko dugu,herritar orori zuzenduta: 17:30ean Magale Txikiko jolastokian, maindire puska bana ekarriz. Gainerako materiala bertan emango zaizkie.

Salestarrak Magale ikastetxeko maila batzuetan ere bereziki landu duten gaia izaki, ikasleen lanak protagonismo berezia hartuko du ekitaldian. Horretarako, gau horretan ohikoak ziren jantziak eramateaz gain, ipuin kontaketak, ‘saria-ziria’, beldurraren pasabidea, dantzak, danborrarekin ikuskizunak, suaren inguruko erritoa eta abar izango dituzte. “Gelan gogoz eta ilusioz ensaiatzen ari direnak guztiak. Polita izan da, ikasleek ere asko lagundu baitute dena antolatzen”, azpimarratu du Lizartzak.

Sorpresa ugari ere izango da arimen ekitaldi magiko honetan. “Gauarekin eta oso gureak diren ohiturekin zerikusia duten sorpresak ere antolatuko ditugu. Hurrengo urtean errepikatzeko modukoa, zalantzarik gabe”.