Gau Beltza 2024 | Salestarrak Magale Urnieta
Gau Beltza

Gau Beltza 2024

Berriak

Iazko arrakastaren ondoren, Salestarrak Magale Urnietan urriaren 31ko “Gau Beltza” jaia antolatuko dugu berriro, jarduera askorekin: desfilea kaleetan zehar, dantzak, ipuin kontalariak, beldurraren tunela, “trikimailua edo tratua”, gaztaina-jana, txokolatada…

Urnietan historikoki ospatu izan den gaua dugu urriaren 31koa. Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi digu.  Hain zuzen ere, Salestarrak Magale ikastetxeak usadio horri eutsi eta berreskuratzen jarraitu nahi izan du. Hala, urriaren 31rako jardueraz jositako egitaraua antolatu dute.

Ez da lehen aldia festa hau ospatzen dena, baina aurtengoan berrikuntza ugarirekin etorri dira. Izan ere, 18:30ean parte-hartzaileak Etxeberri plazatik kalejiran irtengo dira, eta bidean sorpresa ugari izango da; hala nola, dantzak, danbor hotsak, beldurrezko egoerak… Handik San Juan plazara joango dira, eta bertan ipuin kontaketak, suaren inguruko erritoa, beldurrezko pasabidea, gaztaina-jana, ‘saria-ziria’, txokolatada eta abar luzea izango dituzte.

“Urnietan bertan antzinatik datorkigun usadioa dela jakinik, gure ikasleak motibatzeko, gure historia ezagutarazteko ideia otu zitzaigun. Horretaz gain, herriaren parte garenez, herritarrak gurekin horrelako ekitaldi politaz gozatzeko aukera zabaldu nahi genuen”, dio Nerea Lizartza irakasleak. Izan ere, gerturatzen den orok festa aitzindari honetan parte hartzeko aukera izango du.