Ethazi Salestarretan
Pasa den martxoaren 3an, Urnietako Salestar Ikastetxeko Grafikagintza saileko hiru irakasle Madrilera joan ziren, Salesianos Atochan ospatu ziren II. Berrikuntza Jardunaldietan parte hartzera.
Estatu mailatik, hogeita hamar ikastetxe baino gehiago eta ehun eta berrogeita hamar bat irakasle elkartu ziren bertan. Lanbide Heziketan, Grafikagintzan, metodologia berriak erabiliz nola erakusten duten azaldu zuten gure irakasleek.
Metodologia berri hau Ethazi da. Erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboaren inguruan antolatzen da, hau da, ikasle taldeari egoera problematiko bat edo erronka bat planteatzen zaio eta beraien kabuz, taldean lan eginez, lana aurrera atera behar dute. Ikasleak ikaskuntzaren protagonistak bihurtzen dira, irakaslea berriz prozesu horretako laguntzaile. Ikasgai teknologikoak lantzeaz gain, izaera estrategikoa duten zeharkako konpetentziak ere lantzen dira, hala nola: autonomia ikaskuntzan, talde-lana, aparteko emaitzetarako orientazioa, etab.
Azalpena ahalik eta zuzenena izateko, Urnietako Salestar ikastetxeko Grafikagintzako irakasle, ikasle, zuzendari eta abarri grabatutako bideo bat aurkeztu zuten. Bertan ikusten da guztien iritzia eta bertaratuak asko eskertu zuten horrelako dokumentu grafikoa eraman izana. Helbide honetan ikus dezakezue: https://youtu.be/DoMwDtqjyCY