Batxilergo amerikarra, Salestarretan | Salestarrak Magale Urnieta
Batxilergo Amerikarra

Batxilergo amerikarra, Salestarretan

Berriak

Bertako Batxilergoa egiteaz gain, Nazioarteko Batxilergoa ere gauzatzeko aukera dute ikasleek Salestarretan. DBHko 3. mailan has daitezke, irakasgai gutxi batzuk aukeratuta. Batxilergoan bukatuko dute eta diploma bikoitza eskuratu.

 IKUSI BIDEOA

Sei irakasgai izango dituzte ikasleek, hain justu, Batxilergo Amerikarra  edo Nazioarteko Batxilergoa gainditzeko. Ameriketako Estatu Batuetan egiten direnak dira ikasgai hauek, gainera. “Ikasleek hainbat irakurgai, lan eta azterketa egin beharko dituzte ingelesez. DBHn has daitezke horiekin, gainera. Hala, Batxilergoa amaitzen dutenerako, Ipar Ameriketakoa eskuratuko dute, bertakoaz gain. Alegia, diploma duala lortuko dute”, dio Nerea Garin irakasleak. 

 

Alaitz Eceiza DBHko 3. mailan ari da Salestarretan eta Batxilergo Amerikarra egiten ari da: “Ingelesa indartzen duzu aplikazio batzuen bidez ariketak eginez. Noizbehinka, astebete lehenago abisatzen dizute bilera izango duzula irakasle estatubatuar batekin. Klase birtualak arinak eta dibertigarriak izaten dira”.

 

Beñat Otamendi ikaslea, berriz, DBHko 4. mailan dago: “Nire lehenengo urtea da Batxilergo Amerikarrarekin. Materiala ematen dizute eta zuk antolatu eta bilatu behar duzu informazioa eta nola egin zure erara, baina, noski, irakasleei ere galde diezaiekezu. Oso erraz ulertzen diezu eta ingelesa ikasteko balio izan dit. Eroso nago eta uste baino errazagoa da”. 

 

Gauza bera dio Naroa Galarzak, Batxilergoko lehen kurtsoan ari den ikasleak. “Oso gustura nago, zuk zeuk antolatzen duzulako egin beharreko lanen plangintza, zure entrenamenduekin eta zure bizitzarekin bat etor dadin. Hau da, planifikazioa dugu sei hilabetero. Nik hiru irakasgai ditut aurten egiteko eta nota igotzeko ere bideo-dei extrak badaude”.