Mikel Alonsori elkarrizketa | Salestarrak Magale Urnieta
Mikel Alonso

Mikel Alonsori elkarrizketa

Berriak

Mikel Alonso urnietarra, Magale Ikastetxetik Euskaltel-Euskadira

 

Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeko txirrindulari profesionala dugu Mikel Alonso (Urnieta, 1996). Aurten taldeak profesional mailan gora egin du: ‘Continental’ mailatik ‘Continental Profesional’-era, hain zuzen ere. Magale Ikastetxean ikasketa-ibilbide guztia egin du Alonsok kirola bateratuz, unibertsitatera heldu den arte.

 

  • Nondik datorkizu txirrindularitzarekiko zaletasuna?

Aita betidanik bizikletan ibili izan da. Jaio nintzenetik beti kirol mota asko egin izan ditut, baina aitari segika bizikletan zaletzen hasi nintzen. Bederatzi urterekin lehiatzeari ekin nion, eta orain arte.

 

  • Nola uztartu zenituen ikasketak eta kirola?

Egia esan, erraztasuna dut ikasteko, eta Batxilergora arte nahikoa errez egin nuen dena. Etxera iritsi eta gero, lehenengo, ondo entrenatu, eta geratzen zitzaizkidan orduetan ondo prestatzen nituen etxeko lanak eta azterketak. Aste barruko denboraren kudeaketan mugak nituen, baina lagunekin egoteko asteburuak aprobetxatzen nituen. Batxilergo teknologikoa egin nuen.

 

  • Magale Ikastetxetik pasa ondoren zer ikasketa egin duzu?

Ingenieritza hasi nuen, baina gero utzi, ez zitzaidalako asko gustatzen eta denbora gehiegi kentzen zidalako. Ametsa txirrindulari profesionala izatea nuen, eta horren aldeko apustua egin nahi nuen. Ondoren, Magisteritzako ikasketekin hasi eta amateurretan maila ona ematen ari nintzenez, karrera distantziara egiteko aukera eman zidaten. Profesional mailan gora egin dugunez, aurten ez naiz matrikulatu, baina bizpahiru irakasgai egiteko gogoz geratu naiz. Hurrengo urtean berriro matrikulatuko naiz.

 

  • Magale Ikastetxeak zer aukera edo erraztasun eman dizu kirola eta ikasketak uztartzeko?

Ez dut arazorik eduki biak uztartzeko. Gogoan dut, jubeniletan nengoela, Selekziotik deitu ninduten pare bat aldiz eta kanpora joan behar izan nuen aste barruan egun batzuk. Ez zidaten inongo eragozpenik jarri. Magalen inoiz ez dut arazorik izan.

 

  • Zein da ikasketak burutu eta profesionaletara heltzeko sekretua?

Egunerokotasunean saiatua izatea. Dena azkeneko unerako utziz gero, ez duzu denborarik izango ez entrenatzeko, ez ikasteko. Beraz, egunerokotasunean ondo antolatzea da gakoa. Garbi utzi nahi dut Batxilergora arte biak antolatuta ondo eraman daitezkeela, baina garrantzitsuagoa dela ikasketa, dudarik gabe. Egun batzuetan ezin baldin baduzu entrenatu ikasi behar duzulako, ez da ezer pasatzen. Gero, unibertsitatera iritsita, edo goi mailako gradu batera, beti dago denbora urte gehiagotan egiteko eta kirolean gehiago zentratzeko.

 

  • Zer oroitzapen dituzu Magale Ikastetxean igaro zenituen urteetaz?
    Gogoan dut lagun onak egin nituela, azkenean Hernanitik, Andoaindik eta este hainbat tokitatik ere etortzen baitzen jendea. Asko ikasi genuen eta irakasleekin harreman ona genuen. Izan ere, oraindik apustu bat daukat egiteko horietako batekin: Asier Irazusta. Txikitan bizikletan ibiltzen nintzen, bera ere bizikletan ibiltzen zelako eta Xoxokako gaina igoz irabazi egingo zidala esaten zidan; eta ea apustua noiz egiten genuen. Beraz, tira, hori egin gabe geratu da. Ez dut uste orain egin nahi duenik (barreak).

 

  • Animatuko zenituzke ikasketak eta kirola uztartzea pentsatzen ari diren ikasleei?

Bai, zalantzarik gabe. Azkenean, denetarako denbora dagoela uste dut, eta profesionala izateko edo kirolean duzun maila asko hobetzeko ametsa baduzu, gaztea zarenean aprobetxatu egin behar duzu. Ondo antolatuta eta saiatuz, probatu egin beharko zenuke, zalantzarik gabe.