Material didaktiko berritzaileak sortzen ari gara.
Ezin uka daiteke aldaketa etengabeak gertatzen ari direla azken urteotan industrian eta gizartean. Teknologia berriak, hala nola internet, automatizazioa, robotizazioa eta globalizazioa dira aldaketa hauek eragiten ari direnak; eta gizartea, oro har, egokitzen ari da. Duela gutxira arte egonkortasuna eta aldaketen abiadura motelagoa nagusi baziren ere, gaur egun aldaketak etengabeak dira eta oso azkar gertatzen dira gainera, eta argi dago hala izango dela etorkizunean ere: lanbideak berritzen ari dira eta etorkizuneko profesionalek behar berri horietara egokitzen diren ezagutzak jaso beharko dituzte. Makinek hain modu errazean ezin ordezkatuko dituzten beharrezko gaitasun horien artean sormena, pertsonen arteko harremanetarako gaitasuna, taldean lan egiteko gaitasuna, ikasten ikasteko gaitasuna, hausnarketa kritikoak egiteko gaitasuna, ekimena, autonomia, eta beste hainbat aipa daitezke.
Urnietako Salesiarrak Erasmus+ek diruz lagunduriko proiektu bat koordinatzen ari da; ikasleak ondo hezi ahal izateko, gaur egun gizartearen behar berri horietara egokitutako material didaktikoak sortzea eta garatzea da helburua. Erabilitako metodologia Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzan oinarrituta dago, Harvard-ko Horward Gardner irakaslearen Adimen Anitzen Teorian, hain zuzen ere. Metodologia hauen bitartez, aurkeztuko zaien problema erreal bati irtenbidea aurkitu beharko diote ikasleek, taldean lan eginda, behar den ikerketa eginda eta lagundu ahal izango dieten adituekin harremanetan egonik, amaieran garatutako lanaren jendaurreko aurkezpena egiten duten arte.
Urnietako Salesiarrek koordinaturiko urte beteko lanaren ondoren, materialak sortu dira eta une honetan Europa eta Euskal Herriko hainbat ikastetxetan probatzen ari dira.
Azaroaren 23an eta 24an Bucaresten izango da proiektuaren 3. Nazioarteko bilera; bertan bilduko dira Italia, Polonia, Rumania, Portugal eta Euskal Herriko bazkideak eta Europako ikastetxeetan garatzen ari diren lanak aztertuko dira. Urnietako Salesiar Ikastetxeko bi irakasle eta EHUko bat izango dira bertan. Urnietako Salesiarren zeregina honako hau izango da: proiektuaren koordinazioa, materialen sorkuntza eta gainerako bazkideen formakuntza, horretarako EHUko adituen lankidetza izango duelarik.