Magale, etxean bezala
Haurra lasai sentitu eta ingurua eta inguruarekiko atxikimendua izatea da Magale ikastetxearen helburua. Konfiantzaren pedagogia erabiltzen dugu horretarako: umea gustura egotea eskolan, irakasle eta gelakideekin, etxeko giro goxoan egongo balitz bezala. Hasiera-hasieratik ikastetxea haurren beharretarako pentsatuta dugu.
Instalazioak berrituta eta Konfiantzaren pedagogiara egokituta ditugu, haurren atxikimendua pixkana-pixkana lortze aldera. Nola? Ume eta irakasleak dauden gelan bertan armaila edo gune berezi bat jarri dugu guraso, aitona-amona edota izeba-osabak bertan egon daitezen seme-alaba egokitu artean. Nekane Kortaxarena koordinatzaile nagusiak dionez, “Atxikimendua, gertutasuna eta konfiantza lortzeko prozesu horretan, guraso edo aitona-amonak etor daitezke Magalera, lasai eseri, ume eta irakasleek egiten dutena ikusi, kafea edan, egunkaria irakurri… Hilabete ere egon izan dira guraso edo aitona-amona batzuk etortzen”.
Izan ere, Magale ikastetxeak ateak zabalik baititu senitartekoei, eta gure egunerokoa lasai asko ikus dezakete. Martin Iztueta zuzendariaren hitzetan, “senitartekoak instalazioetara sartu eta bertan ibil daitezke. Konfiantza osoa dago; guk garrantzia handia ematen diogu horri, familia etxean bezala sentitzea”.
Konfiantzaren pedagogiak dioen bezala, haur jaioberriak, bere biziraupenerako, helduaren zaintza behar du. Hasieran batez ere elikadura eta ongizatea eskaintzen dion pertsona ama izaten da normalean. Beraz, ama eta haurraren artean gertatzen da lehenengo atxikimendu harremana, honen ondoren, bere inguru hurbileneko pertsonekin -aita, aitona-amonak, izeba-osabak…- harremantzeaz gain, gero irakaslearekin ere lortu behar du umeak atxikimendu hori.
“Haurrak egunero beharko duena da bere gurasoek balidatzea irakaslearengan konfiantza dutela. Orduan, lehenik familiekin lan egiten dugu, gurasoak konfiantza izatea andereñoarekin, umea lasai uztea... Eta horrekin haurrak lasaiago geratzea lortzen dugu, etxeko giro batean uztea, izeba-osaben etxean geratuko balira bezala”, dio Kortaxarenak. Baina nola lortuko dugu hori?
Etxekotzea lantzen, harremanak estutzen
Haurra egokitu al duzu parkera? Hondartzara? Ez du beharrik, zurekin dagoelako, oinarri segurua duelako, eta ondorioz, bere kabuz ikertzen du. Sentimendu hori bilatzen ari gara ikastetxean, baina hori ez da egokitzapenarekin lortzen; harremanarekin lortzen da. Kortaxarenak argi azaldu du: “Aitona, amona, osaba, izeba,… Harreman hori baldin badago errazago utziko du guraso batek seme-alaba, ezta? Helburua hori da-eta, irakaslea izeba-osaban, aitona-amonan ‘bihurtzea’”, azaldu du Iztuetak.
Horretarako, irakasleak guraso eta haurrekin egin behar du harremana, izan ere, gurasoak haurra lasaitu behar baitu, baina irakaslearekin egin behar du harremana. Haurra lasai dagoenean martxan hasten da. Negarrik egiten ez duen haurra baina mugitzen ez dena ez dago ongi, ez dago lasai. ( ez da lekua baizik eta pertsonak). Izan ere, gure hasierako atxikimendu harremanek, ondoren, bizitzan egiten ditugun lotura afektiboetan, beste harremanetan eragina daukate. Magale Ikastetxean garrantzi handia ematen diogu harreman honi, eta ikasturte hasieran horretan aritzen gara. “Gurasoak Magalen haurra lasai uzteko lana egiten dugu, umeek hori sumatzen dute eta. ‘Hemen geratuko zara izeba-osabekin, esaten dionean bezala amak, hori bera nahi dugu sentitzea haurrak ikastetxearekin. Hori da helburu nagusia”, azaldu du Nekanek.
Izan ere, jaioberriak eta haurrak ziur sentitzen dira beren beharrak hautematen, interpretatzen eta asetzen dituen pertsona heldu bat ondoan dutenean. Ongizate esperientziaren ondorioz, haurrek oinarri seguru bat lortzen dute. Horretarako, ekainean lanketa bati ekiten diogu gurasoekin, argazki bat ateratzen baitugu irakaslearekin eta familiarekin eta atxikimendua lortzeko prozesua abiatzen da: “Udan familiak umeari esaten joaten dira andereñoarekin eskolara joango direla, argazkia ikusten dute umeek… Hori dela eta, haurrarentzat familiako kide bihurtzen da irakaslea. Pixkanaka egiten dugun prozesua da, atxikimendua lortuz”, azpimarratu du Kortaxarenak.
Zehazki, etxekotzearen hasiera, ahal balitz, gurasoekin uztailean bilera indibidualak egiten hasi behar da, eta aipatutako argazkia atera. Irakasleak jolastu egin behar du umearekin, eta gurasoak haurrari lasaitasuna eman. Gurasoak abixatu behar du umea: jolasean dela, “joan egingo naiz”, esan, eta momentuan hanka egin. Izan ere, gurasoei galdetzen diegu sendiko zein kiderekin egingo duten familiarizazioa, eta hala ekiten diogu. “Denbora inbertsio hau egitea garrantzitsua da, pertsonaren etorkizunerako garunaren plastizitatea garrantzitsua delako. Prozesu naturala da”, dio.
Pixkana atxikimendua ziurtatuz
Azken finean, oinarri seguruak ahalbidetzen duena da haurraren garapen egokia eta bere ingurunea esploratzea. Honi, atxikimendu ziurra deituko genioke. Eta atxikimendu ziur hori lortzeko lan egin dugu Magale ikastetxeko irakasle guztiok. “Pixkana-pixkana familiak ere badatoz eskolara umeekin, lehenengo bi egunetan indibidualak dira, alegia, senitartekoa, umea eta irakaslea egoten dira bakarrik hamar minutuz … Hala, seme-alabak zer duen gustuko, zer jolas, nola lasaitzen den eta abar ikusten eta ikasten du irakasleak”, dio koordinatzaileak.
Hori guztia familia bakoitzaren beharretara egokitzen dugu eta hala, pixkana-pixkana, aurrera jo. Izan ere, familia eta irakasleen artean egindako lanari esker, umeak lasai eta seguru sentitzen dira. Magale haur-eskolan, etxean bezala.