"Lehoi Erregea" musikala | Salestarrak Magale Urnieta
Lehoi erregea

“Lehoi Erregea” musikala

Berriak

Urnietako Salestarrak Magale ikastetxeko DBH 1. mailako ikasleek Lehoi Erregea musikala oholtzaratuko dute apirilaren 26an

Bi emanaldi izango dira 17:30ean lehenengoa eta 19:00etan bigarrena. Sarrerak eskuragarri daude DBH-Batxi-Lanbide Heziketa eraikineko idazkaritzan.

Salestarrak Magale Urnietako DBHko lehenengo mailako ikasleak “Lehoi erregea” musikala prestatzen ari dira. Musika, dantza, euskara eta interpretazioa ardatz dituen emanaldia apirilaren 26an izango da, Sarobeko (Urnieta) eszenatokian. Bertan, hizkuntza eta arte eszeniko eta plastikoak uztartuta ariko dira gazteak euren trebetasunak oholtzaratuz.

Azken asteetan ikasleak buru-belarri aritu dira lanean. Izan ere, ugari dira horrelako emanaldi baten atzean dauden betebeharrak; agertokiko dekorazio-elementuak sortu, bertaratzen direnentzat opariak egin, koreografiak asmatu eta entsegatu, interpretazioa ikasi eta ahozkotasuna landu, besteak beste. Ikasleen artean gogoa eta ilusioa sortzen duen proiektua da musikalarena eta asko dira proiektu horren bitartez lantzen diren zuzeneko eta zeharkako gaitasunak.

“Lehoi erregea” Salestarrak Magale Urnietako artista gazteen talentua eta sormena erakutsiko duen ekitaldia izatea espero da.  Hori dela eta, bi emanaldi egitea erabaki dute antolatzaileek. Lehenengo saioa 17:30ean izango da eta bigarrena 19:00etan. Amaieran, gainera, photocall bat ere egongo da prest etxera oroigarri bat eman nahi duen ororentzat. Sarrerak DBH-Batxi-Lanbide Heziketa eraikineko idazkaritzan daude, dohainik, eskuragarri. Telefonoz deituta erreserba daitezke (943 55 17 89) edota bertaratuta 08:00-14:00/15:00-17:00 ordutegiaren baitan.

Gaitasunak proiektu erreal batekin lantzen

Gaitasun bitartez lan egiteko modua ardatz hartuta, proiektu erreal batekin ari dira maila ezberdinetako gaitasunak trebatzen DBH 1.mailako ikasleak “Lehoi Erregea” musikalarekin. Autonomia, diziplina, talde lana eta talde kohesioa, jendaurreko aurkezpena eta autokontrola dira besteak beste lantzen diren zeharkako gaitasunak. Horiei, noski, zuzenekoak erantsi behar zaizkie; hala nola, ahozkotasuna, euskararen erabilera zuzena, arte plastikoetan trebakuntza, erritmoa eta musikaren erabilpena eta abar.