Ikasturte berrirako berrikuntzak | Salestarrak Magale Urnieta

Ikasturte berrirako berrikuntzak

Berriak

Ikasturtearen hasieran berrikuntzak ekartzen ditu beti. Magale Ikastetxean ere pausuak eman ditugu aurrera: DBH1en, esaterako, horma bat eraitsi eta mugikorra den beste bat jarri dugu, bi klaseek proiektu batzuk elkarrekin egin ditzaten. Beste hainbat gela goitik behera margotuta ditugu.

Urteak daramatzagu Magale Ikastetxean berrikuntzak egiten hainbat metodologiaren bidez. Ikasturte berrirako, adibidez, DBH1en proiektuak “askoz ere gehiago” lantzea erabaki dugu: Gizarte, Biologia, Teknologia eta Informatika irakasgaien orduetan izango da, zehazki. Hala, maila honetako bi klaseek elkarrekin lan egiteko aukera jarri dugu martxan.

“Aprobetxatuz gela bat eta bestea ondoan daudela, erdian zegoen pareta bota dugu eta mugikor bat jarri. Honela, lau irakasgai horiek elkartuta emango ditugu bi geletan, bata bestearen ondoren joango dira. Beraz, ez da Gizarteko edo Informatikako klaserik izango, proiektua egingo dute baizik”, dio Asier Irazusta Berrikuntzako taldekideak.

Gainera, beti bi irakasle egongo dira gelan, baina aldatzen joango dira gaiaren arabera. Hortaz, ordu askotan bi gelak elkarrekin proiektua lantzen ariko dira, eta beste klase batzuetan, berriz, matematikan edo euskaran adibidez, pareta jarriko dugu erdian eta bi gela independente gisa kudeatu.

“Ikasketa zerbait oso praktikoa izatea nahi dugu. Ohiko metodologiaren bidez izan ordez, hau da, irakasleak azaldu gaia eta ondoren ariketa batzuk egin, proiektu bat helaraziko zaie ikasleei eta honen bitartez euren ikasketak garatuko dituzte, arlo guztietako ikasketak bertan txertatuta. Honez gain, beste gaitasun edo trebezia batzuk ere praktikan jarriko dituzte”, dio Irazustak.

Hori gutxi balitz, Magale Ikastetxeko gela ugari goitik behera margotu ditugu kolore biziz, hainbat esaldi eta irudi marraztuz. Hala, ikasturte berriari kolore guztiak bat ekin diogu.