HERBEHEREAK 2019
Joan den astean Ander Loyarte Lanbide Heziketako irakaslea Herbehereetan egon zen FP Euskadiko irakasle talde batekin batera. Bidaiaren helburua bertako ikastetxeak ekintzailetzaren inguruan nola egiten duten lan ezagutzea izan da. Horretarako hainbat hiritan dauden ikastetxe desberdinak bistatu dituzte.
Lehenengo egunean Utrecht hirian dagoen MBO Utrecht lanbide eskolan egon ziren, bertan Cees Baalbergen irakasleak egin zien harrera ikasle talde batekin batera. Eskaintzen dituzten ziklo desberdinak ikusteaz gain ekintzailetza arduradunarekin hizketaldi bat izan zuten, nabarmentzekoa da ikasgai hau ez dela derrigorrezkoa eta ikasleen %10ek bakarrik aukeratzen dutela.
Bisita bukatu eta gero trena hartu eta Zwollera joan ziren. Hiri honetan 3 egunetako egonaldia egin eta Deltion ikastetxea bisitatzeko aukera izan zuten. Deltion ikastetxea 1996. urtean sortu eta 2008an eraldatu zuten. Urte horretan, Lanbide Heziketa gune desberdinetan sakabanatuta zegoen eta 10 ikastetxe elkarrekin batzea erabaki zuten, guztiak eraikin batean uztartuz. Egun, 18.000 ikasle inguru jasotzen ditu. Bertan, Ekintzailetasuneko arduraduna den Gerton Springelingekin elkartu eta ekintzailetasuna ikastetxean nola lantzen duten azaldu zien. Ekintzailetza lehen urteetan zeharka lantzen den gaitasuna da eta ostean espezialitate batzuetan hautazkoa da eta beste batzuetan derrigorrezko ikasgaia bihurtzen da, administrazio zikloan adibidez.
Asteazkenean Brainz ekintzaile gunea bisitatu zuten, bertan Rob Boerman arduradunarekin elkartu ziren. Gune honetan, 4. mailan dauden eta ekintzailetza hautatzen duten ikasleak egoten dira. Bertara sartzeko negozio ideia bat izan behar dute eta behin barruan daudela urte beteko epea daukate negozio ideia garatu eta enpresa martxan jartzeko. Jakina da helburu nagusiena ez dela enpresa martxan jartzea, izan ere ikasle guztiek ez baitute lortzen, baizik eta ekintzaile gaitasunak garatzea.
Zwolleko egonaldia amaituta Amsterdamera joan ziren eta Science Park-en dagoen Startup Village ezagutu zuten. Ekintzaile guztientzako irekita dagoen toki bat da eta bertan gune desberdinak aloka daitezke, hala nola, bilera gelak, coworking guneak, tailerrak…
Egonaldia oso aberasgarria izan da, beste ikasketa eredu batzuk ezagutu eta kontaktu berriak egiteko aukera ezin hobea izan delarik.