Eslovenian Magaleko irakasleak
Eslovenian dira Magale ikastetxeko lau irakasle, irakaskuntza digitalean sakontzeko.
‘Growth Mindset’ pentsamoldearen bitartez ikasleek tresna digitalak hobetzea dute helburu. Horretarako, Eslovenia, Errumania, Italia, Euskal Herria eta Alemaniako zortzi bazkide lanean dira bi urtez. Europar Batasunak finantzatutako ‘Erasmus+’ proiektuaren barnean da ekimena.
Covid 19aren egungo pandemiaren ondorioz Europako ikasetxeak irakaskuntza digitalera egokitu dira. Halaber, denbora gutxi izan dute ikasle, irakasle eta gurasoek aldaketa horretara egokitzeko. Emandako urrats horiek dira, hain zuzen ere, aztergai dituztenak Esloveniako hiriburuan egiten ari diren lanketan: hobetzeko bideak eta errekurtsoak jasotzea. ‘Growth Mindset’ pentsamoldean oinarrituta, baliabiderik puntakoenak eta eraginkorrenak aztertzera joan dira Magale Ikastetxeko lau irakasleak, berriz etxetik ikasteko edota hezkuntza misto bat diseinatzeko.
Aurrekariak
Robert Bosch Stiftungek Alemaniako irakasleen artean egin berri duen inkesta baten arabera, hirutik bik inolako prestakuntzarik jaso gabe irakaskuntza digitalera moldatu behar izan zuen. Ekipamendurik ez izateaz gain, irakaskuntza digitaleko tresnak erabiltzeko garaian gabeziak nabarmendu zituzten, inkestaren arabera. Era berean, ikerketak ondorioztatu du gaur gaurkoz Alemaniako irakasleen ia % 50ak uste du tresna digitalen erabilera irakaskuntzan ez dela hoberena.
‘Erasmus+’ proiektua trebetasunetan oinarritutako oztopo psikologiko horiek gainditzen saiatuko da. Oztopoei trebetasunez heltzea da xedea, irakaskuntza digitalaren eraginkortasuna nabarmen hobetu daitekeenaren ziurtasunez. ‘Growth Mindset’ pentsamoldea erabiliko da, zehazki, paradigma nagusi gisa garatzekko trebetasun digital berriak eta irakaskuntza digitalarekiko jarrera positiboak. Ikastaroaren ardatzak honakoak dira: tresna digital inspiratzaileak ezagutu, prestakuntza interaktiboa bultzatu eta gurasoekin lankidetza birtualerako bideetan sakondu.