
Erasmus+ Lanbide Heziketan
Urnietako Salestarretako 22 ikasle praktikak egitera joan dira Europara Erasmus+ programari esker
Salesianos Urnieta zentroko 22 ikasle Europako hainbat herrialdetan ari dira beren praktika profesionalak (Dual Orokorra) egiten, Erasmus+ mugikortasun programari esker. Nazioarteko esperientzia horrek aukera emango die prestakuntza akademikoa osatzaz gain, atzerriko enpresetan lan esperientzia lortzeko; hala nola, Bulgaria, Polonia, Malta, Italia eta Portugal, besteak beste).
Parte hartu duten ikasleetatik 11 Erdi Mailakoak dira, eta beste 11 Goi Mailakoak. Hiru hilabetez ikasleek Europako hainbat ingurune profesionaletan garatuko dute prestakuntza praktikoa, eta horrek aukera emango die beren gaitasun teknikoak, linguistikoak eta pertsonalak hobetzeko.
Hiru ikaslek mugikortasun hori lortu ahal izan dute HETELek kudeatutako beken bidez. Euskadiko Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeak biltzen dituen elkartea da HETEL. Gainerako 19 ikasleek ikastetxeak berak kudeatutako bekei esker parte hartzen dute programan.
Salesianos Urnietatik nabarmendu dutenez, horrelako ekimenak oso aukera baliotsua dira ikasleentzat; prestakuntza akademikoa osatzeaz gain, autonomia, lan ingurune berrietara egokitzea eta beste kultura batzuk ezagutzea ekartzen baitute.
Erasmus+ bezalako nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzea ikastetxeak kalitatezko Lanbide Heziketarekinn eta proiekzio europarrarekin duen konpromisoaren parte da, ikasleei beren garapen profesionala zein pertsonala aberasten duten esperientziak eskainiz.
Nazioartekotzea apustu gisa
Urnietako Salestarrak nazioartekotzearen aldeko apustua egiten ari dira azken urteotan, beren estrategiaren arabera. Hori dela eta, Europako agentziak balioztutako hainbat proiektu dituzte eskuartean.
Alde batetik, Lanbide Heziketako etapa desberdinetako ikasleei nazioarteko proiekzioa ematen ari dira eta mugikortasun laburrak eta luzeak dituzten beste herrialde batzuetara bidaiatzeko aukera eskaintzen ari dira.
Bestalde, nazioarteko hainbat zentro ari dira Urnietako itunpeko ikastetxeko Lanbide Heziketa bisitatzen. Horren adibide da datozen hilabeteetan alemaniar ikasle eta irakasle talde baten bisita izango dutela Oinarrizko Lanbide Heziketa bertatik bertara ezagutzeko.