DBH1eko ikasleak eko-aktibistak
Gure ikasleak azkeneko aste hauetan itsasoaren kutsadura ezagutzeko hainbat jarduera garrantzitsu egin dituzte, itsasoko plastikoen presenziaren ondorioak ezagutu dituzte, adibidez: eta ekoaktibista moduan, plastikoen arrantza eta hondartzaren garbiketan aritu dira. Mater itsasontziko tripulazio eta teknikariek lagundu digute bide honetan.
Denok dakigu gaur egun kutsadurak duen garrantzia, eta oso maiz entzuten dugu aldaketa klimatikoaren inguruko berriren bat; dena den, horrelako berrien aurrean, neurri batetan, inmunizaturik gaudela esan daiteke eta, askotan, kosta egiten zaigu asmoetatik ekintzetara pasatzea.
Oraingo honetan DBH1eko ikasleek hainbat jarduera egin dituzte, arazo hau hobeto ezagutu eta ekoaktibista moduan, arazoari irtenbideren bat ematen laguntzeko.
Itsasoa garbitzen eta kutsadura neurtzen
Programa honen lehenengo saioan Mater-eko tripulazio eta ingurugiro zientzilariek itsasoko plastikoen kutsaduraren arazoa azaldu ziguten. Itsasoa plastiko eta mikroplastikoz josita dago. Deigarria egin zitzaigun datuetako bat, eta arazoa noraino garrantzitsua den erakusten diguna, honakoa da: astero gure organismoan sartzen den mikroplastiko kopurua kreditu txartel batek daukan plastikoaren adinakoa da.
Azalpenak jaso ondoren itsasora irten ginen eta Pasaia eta Donostia bitartean zeuden plastikoak arrantzatzen aritu ziren gure ikasleak. Plastikoa jasotzeaz gain, zientzilarien antzera, uretan dagoen mikroplastiko kopuruaren neurketa egin zuten. Mater itsasontziko ingurugiro zientzilariek neurketa honen jarraipena egiten dute.
Hondartzatik zaborra jaso eta arte lanak sortu
Aste honetan Mutrikuko Ondarbeltzera joan gara eta ikasleek hondartzako zaborra jaso dute. Guztira mota guztietako 41 kg zabor jaso dira 2 ordutan: plastikoak, sokak, oinetakoak…
Ondoren jasotako zaborra sailkatu, eta zenbatu genuen. Zaborrarekin egin daitekeen gauzetako bat berrerabiltzea da, eta guk artelanak sortzea erabaki dugu. Zaborra garbitu ondoren ikasleek artelanak sortu dituzte eta laister ikastetxean sorkuntza guztiekin erakusketa bat antolatuko dugu.