BIDEAN BAT | Salestarrak Magale Urnieta

BIDEAN BAT

Berriak

  • Jardueraz beteriko “Bidean bat’aurkezpen-ekitaldia antolatu dute Urnietako Salestarrek, ‘Presentación de María’ eskolarekin orain lau urte hasitako bateratze-prozesua plazaratzeko.
  • ‘Ametsen lorategia’ inauguratuko dute ekitaldian, eskolako jolastokia aberastu duen ‘Magale Auzolanean’ proiektu zabalaren erakusgarri.

Duela lau urte ‘Presentación de María’ haur eskola eta lehen hezkuntzako eskola eta ‘Salesiarrak Urnieta’ –DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketa- ikastetxeak elkarri laguntzen eta koordinatzen hasi ziren. Orain, uztartze-prozesuaren ondoren, ‘Salestarrak Magale Urnieta’ izenaren pean bateratu dira eta titularitatea Salestarren esku geratu da.

“Gure indarrak elkartu genituen orain lau urte, bi proiektuak elkartuta zerbitzu osoagoa eman genezakeelako bai familiei, bai ikasleei. Elkar laguntza hori onuragarria da eta ibilbideari hala ekin genion. Azken lau urteotan kolaborazioa oso ona izan da eta alderdi positibo asko ekarri dizkigu”, azaldu du Asier Irazusta irakasleak.

Urteak pasa ahala, harremana gehiago estutu zuten bi zentroek, eta emaitza oso positiboa zen, gainera. “Zuzendaritzak koordinatzen joan gara, bakoitzak bere titularitatea mantenduta. Oso elkarlan aberasgarria izan da, hezkuntza-irizpide berak eraman baititugu aurrera. Baina iritsi zen une bat, non titularitatea Salestarrek hartzea erabaki zuten. Orduan, dagoeneko proiektu osoa, alegia, zero urtetik lanbide heziketara arte Salestarren pean geratu da”.

Horixe da, hain zuzen, urtarrilaren 28an, larunbata, 11:30ean aurkeztuko dutena: ‘Bidean bat’ ekitaldia: “Ikusten dugun abantaila, lehen ere ikusten genuena da hezkuntza-ibilbidearen batasunean gehiago sakontzea. Alegia, zero urtetik lanbide heziketara eskola berean egitearen abantaila. Era berean, Salestar sareak mundu osoan duen hezkuntza-indar guztia erabili ahal izango dugu aurrera eramateko”.

Auzolan proiektu zabala, abian

Honez gain, urrats bat aurrera eman dute Salestarrek familiengana hurbiltzeko, eta euren laguntzaz jolastokia goitik behera aldatu dute: ‘Ametsen lorategia’ sortu dute, hain justu. Hori ere bada larunbateko inaigurazioko parte garrantzitsua.

Izan ere, iazko ikasturtean familia, ikasle, irakasle eta ikasle ohiekin prozesu politari ekin zioten: “Pauso bat eman dugu eta lankidetza asko sakondu dugu auzolanaren bidez. Iaz eraikina berritzen eta margotzen hasi ginen. Oso ekimen aberasgarria eta positiboa izan zen, beraz, aurrera jarraitu dugu aurten ere”, dio Irazustak.

Hala, 2022-23 ikasturtean eskolako jolastokia eta lorategia goitik behera aldatzeko proposamena izan dute. Esan eta egin: “Jolas berriak egin ditugu, toboganak eta abar. Hau da, lehen kirol-jokoak soilik genituen, orain, berriz, jolas-abanikoa asko zabaldu dugu. Baita anfiteatro ireki bat egin ere. Eta ekologia ardatz duen gunea ere martxan jarri dugu: frutarbolak, baratza, aroma-landareak…”. Pedagogia ikuspuntutik, umeentzat aberasgarria izan daitekeenari heldu diote Salestarrek, hain zuzen ere.

Balantze gisa, Irazustak dio auzolana “oso onuragarria” dela ikusi dute: “Zalantzarik gabe, auzolanaren bitartez askoz urrutiago heldu gara. Izan ere, hasieran eduki genezakeen amets hori egi bihurtu da, eta askoz ere gehiago egin dugu guztien laguntzaren bitartez. Oso gustura gaude, ikasleak ere kontuan hartu baititugu, beraiek erabaki baitute zer jolas jarri; eta gurasoak ere oso gustura daude, proiektuaren protagonistak direlako, erabakiak hartzeko gaitasuna eta baita horiek gauzatzeko ere. Gurasoak ez direlako soilik erabiltzaileak, parte aktiboa dira. Denon arteko proiektu luze eta zabala da Urnietako Magale Salestarrak”.