Berrikuntza aplikatuko bi proiektutan lanean | Salestarrak Magale Urnieta

Berrikuntza aplikatuko bi proiektutan lanean

Berriak

Ikasturte honetan Sailburuordetzak onartutako Berrikuntza Aplikatuko bi proiektutan egingo dugu lan: Fabrikazio Gehigarriaren bidez makina-erremintako osagaien optimizazioa bilatuko da proiektu batean eta bestean OT perspektiba landuko da, makinetarako urruneko sarbide segurua garatuz, sarea sekurizatuz eta hodeira datuak bidaliz. Proiektuek ikasleei, Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeei eta enpresei ezagutza transferitzea ahalbidetzen dute. Horregatik, bi proiektuak Lanbide Heziketako enpresa eta eskolekin garatuko dira sarean.

Lehenengo proiektuak Fabrikazio Aditiboaren alorrean sortzen ari diren aukerak aprobetxatuko ditu. Horiek baliatuko dituen lan taldea Urnieta Salestarren mantentze elektromekanikoko eta Goierri Eskolako mekanika saileko kideez osaturik dago. Proiektuaren helburu nagusia diseinuan eta materialetan eraginkorragoak diren osagaiak Makina Erremintaren sektorean sartzea da. Ibarmia enpresaren lankidetza izango dugu, gainera, proiektu hau gauzatzeko.

Bigarren proiektua automatizazio eta robotika industrialeko departamentuan landuko da, Nicolas Larburu eta Tartanga Lanbide Heziketako eskolekin batera. Operazioaren Teknologien sare bat diseinatu, konfiguratu eta muntatuko da, enpresetako teknikariak, ikasleak eta irakasleak kanpotik modu seguruan sartu ahal izateko. Gainera, ikasle eta irakasleen kasuan, urruneko laborategi baten bidez sartuko dira. OT sareak hodeira bideratuko ditu sistemaren informazioa eta sentsoreek emandako datuak. Hori egingarria izan dadin, komunikazio-sare segurua (zibersegurtasuna) eta IoT duen lan-estazio bat izango da. Azkenik, sareak, behin diseinatuta, sortuta eta muntatuta, kanpotik erasoak saihestuko ditu.

Bi proiektu horiek zentroaren konplexutasunaren kudeaketaren parte dira, Tknikak lagundutako prozesua, alegia. Arlo horren ardatzetako bat da LHko antolamenduaren mailan ezagutza sortzea, teknologiak erabiltzea eta barneko eta kanpoko lankidetza-sareak bultzatzea. Beste hitz batzuetan esanda, Lanbide Heziketako zentroak erakunde adimendun bihurtzea da xedea.