Orain dela mende bat pasatxo, Juan Bosco izeneko apaiz italiar batek, bere garaiko gazteen premiez jabeturik, bere bizia gazteei laguntzeko eta bizitzarako prestatzeko eskaintzea erabaki zuen, "herritar leial eta kristau zintzoak" izan zitezela zuen helburu.
Turineko kaleak mutil koskorrez beteta zeuden XIX. mende erdialdera. Gehienak umezurtzak edo familia xumeetako semeak, nola biziraun bilatzen zutenak; hori lortzseko baldintza tamalgarrietan eta diru gutxiren truke lan asko egiten zuten. On Boskok (bere mutikoek hala deitzen zioten) bere eskuekin eta ongile askoren laguntzaz, bere kuttunenak ziren gazte behartsu eta marjinatuei babesa eta prestakuntza emateko zuen ametsa egi bihurtzea lortu zuen; horretarako barnetegiak, tailerrak, eskolak… eraiki zituen.
Era horretan sortu zen Salesiar Kongregazioa. Izena Salesko San Franciscotik datorkio, bere goxotasuna eta traturako maitasunagatik aintzat hartua. Gaur egun 17.000 salesiar inguru gara mundu osoan zabaldurik gaudenak On Boskoren ametsa egi bihurtu nahian. Geroago, izpiritu berari jarraituz, talde gehiago sortu dira gazteen onerako: Maria Laguntzailearen Alabak (Salesiarrak), Salesiar Lankideak (Kooperadoreak), Ikasle Ohiak eta On Boskoren Bolondresak.