MENUA 

Albisteak

  Emakumearen Eguna

Gaur emakume langilearen nazioarteko eguna denez, tailerretan ibili diren emakumeak gogoratu nahi genituzke.

Sarah Ugartek goi mailako Robotika zikloa ikasi zuen 2006 urtean. Gurekin partekatu du bere esperientzia.

18 urte nituenean Urnieta Salestarrak ikastetxean goi mailako Robotika zikloa ikasteko erabakia hartu nuen. Neska bakarra nintzen klasean. Bi urteren buruan lortu nuen titulazioa, igogailu baten maketa garatu ostean, gaur egun entsegu banku moduan oraindik ere martxan dagoena.

Jarraian Schlinder enpresan lan egin nuen 12 urtez, igogailu-teknikari moduan. Epe honetan nire dohainak garatzeko aukera izan nuen, langile zein pertsona bezala. Ia guztiz gizonezkoena den alor batean lan egiteak benetako egoeraz jabetzen lagundu zidan: gizartea ez dago gurekin lan egitera ohitua. 2011n Schlinder enpresako Espainiako teknikari onenaren saria jaso nuen, eta poliki-poliki nire egoera normalizatzea lortu, ingurukoen konfiantza neureganatuz.

Gaur egun 33 urte dauzkat eta duela urtebete lanez aldatzea erabaki nuen, esperientzia berriak bizi eta ikaste jarraitzeko asmoz. Horrela, Irizar enpresan lan egiten dut elektrikari moduan, autobusen atal elektrikoaren muntaketa lanetan.

Nire lan bizitzaren gaineko hausnarketa egiten dudan bakoitzean, zailtasunez beteriko lan bizitza izan dela ohartzen naiz, nire inguruan emakumezko oso gutxi daudelako batez ere. Mundu honekiko nolabaiteko erakarpena sentitzen duten neskei dei egingo nieke, animatu eta pausoa eman dezaten, arlo oso erakargarria baita, lan-irteera ona daukana eta ertz ugari ukitzen dituena.

Denboran atzera egin eta 18 urte nituen garaira itzuliko banintz ez nuke bitan pentsatuko: erabaki berbera hartuko nuke berriz ere. Era berean, orain arteko moduan egingo nuke borroka, gainditu behar izan ditudan erronkei aurre egiteko.

Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraituz gero, berauen erabilera onartzen duzu. Informazio gehiago